Sarrera

ArtikuluakArtikuluak    

Txokoaren zokoak
aikor
Txori Herri Sondikako txokoa 1974. urtean zabaldu zen eta, Jose Antonio Alvarez oraingo presidenteak adierazi digunez, herriko txokorik zaharrena da. Atea zabaldu, eta barrura sartzera gonbidatu gaitu.

Txoko bateko bazkidea izateak batez ere independentzia handia dakarrela esan digu Jose Antoniok, “ez delako taberna batean egotea bezala. Hemen geure kontura gabiltza eta, inoiz aldi berean koadrila bat baino gehiago bagaude txokoan, nahikoa lekua dago nor bere kasa ibiltzeko”. Izan ere, txokoak 117 metro koadro ditu, eta 50 lagun hartzeko tokia. Hiru mahai handi ipini dituzte jantokian, bakoitza gune mugatu batean, eta aldi berean hiru lagun-talde arte egon daitezke han. Mota honetako azpiegiturek duten beste abantaila bat da, taberna edo jatetxeen aldean, txokoan zerbait edatea edo jatea askoz merkeagoa dela. “Kalitateko produktuak hartzen ditugu beti. Supermerkatuen eskaintzak eta publizitatea ondo aztertu, eta produktua merkeago dagoen tokian hartzen dugu, baina beti prezioak alderatuz eta kalitateari lehentasuna emanez”. Iaz indarrean jarri zen tabakoaren kontrako legeak ez du iskanbilarik sortu bazkideen artean, eta aho batez onartu zuten txokoan erre daitekeela. Hala ere, Jose Antonioren esanetan, krisiaren eragina gero eta nabariagoa da. “2008. urtean, esate baterako, 3.500 jatordu inguru egin ziren txokoan, eta gaur egun gutxi gorabehera 2.300 egingo dira urtean”.
Txori Herri txokoa ondo hornituta eta atonduta dagoen topagunea da. Besteak beste, jantokia, barra, sukaldea, unisex komuna eta biltegia dute. Aipatutakoei ez zaie detailerik falta, baina asmoa dute laster obrak egiteko eta emakumeentzako komuna eta gizonentzako komuna jartzeko. “Gainean egon behar da. Ni egunero etortzen naiz goizean, eta arazori ba ote dagoen aztertzen dut. Txokoa garbitzen dut eta birziklatzera eramaten dut eraman behar dena; guk dena birziklatzen dugulako: papera, kartoia, beira, plastikoa... Hozkailuetan edaririk edo beste ezer falta den ere begiratzen dut, eta eskaerak egiten ditut edo dendara joan”. Txokoa mantentzeak lan apur bat dakarren arren, bazkidea izateak ez du ahalegin ekonomiko handirik eskatzen. “Bazkide bakoitzak 170 euro ordaintzen du urtero; beste txoko batzuetan gehiago ordaintzen dute. Diru kopuru horrekin eta edariei jartzen zien gainordainarekin nahikoa dugu hileroko gastuei aurre egiteko, eta egin beharreko konponketa txikiak ordaintzeko. Konponketa handia egin behar denean, bazkide bakoitzak dagokion diru zatia jarri behar du”.

Anfitrioia
Txandak ere badituzte ondo antolatuta. “Bazkideak hauek apuntatu behar ditu arbelean: bere izena, txokoa noiz eta zein ordutan hartuko duen eta zenbat lagun izango diren. Hamar laguneko bazkide bat egon behar da gutxienez”. Txokoa etxea da, eta bazkidea, anfitrioia. Bera arduratu behar da, beraz, gonbidatuei zerbitzua emateaz eta arauak betearazteaz. “Mahaiko bakoitzak euro bi ordaindu behar ditu txokoa erabiltzeagatik eta garbiketagatik. Oihalezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak erabiltzeak ere badu kostu bat, gero garbitzera eraman behar direlako. Era berean, hartzen diren edariak ere ordaindu behar dira”.
Presidenteak, diruzainak, idazkariak eta batzordekide batek osatzen dute zuzendaritza. Txokoan, 50 bazkide daude eta ez da lagun gehiagorik onartzen. “Bazkide egiteko, beste bati erosi behar zaio partaidetza, eta beharrezkoa da 26 bazkideen oniritzia edukitzea. Baina ez da eskubide osoko kidea izango, harik eta ohiko batzarrean berretsi arte”. Ohiko batzarra urtean behin egiten dute eta han gai arruntak izaten dituzte hizpide: gastuak, diru-sarrerak... Zuzendaritzan dabiltzanak, berriz, bariku guztietan elkartzen dira. Bazkideen profilari dagokionez, gehienbat 40 urtetik 60 urte bitarteko gizonak direla esan daiteke. Baina 80 urtetik gorako bazkideren bat ere badago. “Bazkidea izateko, gizonezkoa izan behar da, eta adinez nagusia. Emakumezkoak barikuetan, zapatuetan, domeketan, jai-egunetan eta jai-bezperetan sar daitezke txokora. Eta enpresa-bazkaria edo afaria bada, edozein egunetan”.




Irudiak kargatzen ...