Sarrera

ArtikuluakArtikuluak    

Kantxako bikoterik onena
aikor
Pozik baino pozago harrapau doguz Oier Hormaetxe eta Aimar Astigarraga Lezamako pelotalekuan, entrenaten diharduela. Eta badaukiez halan egoteko arrazoiak, Bizkaiko Pelota Txapelketea irabazi dabelako benjamin mailan. Txapelketaz, pelotaz eta etorkizuneko asmoez aritu gara gaztetxoakaz eta euren entrenatzaile Ieltxu Beatogaz.

Finala Bermeoko bikote baten kontra jokatu eben; Uribe Kostako finala irabazi eutsen bikote beraren kontra, hain zuzen be. Beraz, errebantxea hartu dabe eta garaipena askoz gozoagoa izan da. Gainera, Uribe Kostan izandako porrota eragingarria izan da, Bizkaiko Txapelketan indar handiagoz jarduteko. Zorionak emon deutseez familiak, lagunek eta taldekideek. Azken horreetako batzuk enbidia apur bategaz ibili dirala esan deuskue; entrenatzailea, harro. “Alde handia dago hasi ziranetik orain arte. Eta bai, txapelketea irabazi dabe, baina datozan urteei begira pelotan jarduten eta ikasten jarraitu beharko dabe, serio”.
Txapelketa gatxa izan zala aitatu deuskue, partida batzuk galdu egin zituela, eta lehiakiderik gogorrenak Zornotzakoak, Elorriokoak eta Bermeokoak izan zirala. “Zornotzakoak, esate baterako, bosteraino ateraten eben sakea, eta Oier eta Aimar apur bat bildurtuta ibili ziran. Halanda be, danak urten dau ondo finalaurrekoetan eta finalean. Oso pozik nago lan bikaina egin dabelako ikasturte osoan”. Oier aurrelaria da, eta Aimar atzelaria. “Ondo moldatzen gara alkarregaz. Animoa emoten deutsagu alkarri eta handik ateraten dogu indarra”. Entrenatzailea ados dago. “Bikote bikaina osatzen dabe: alde batetik, beharrezkoa bada, bata zein bestea, kantxan, aurrean edo atzean ibiltzeko gauza direlako; eta bestetik, euren arteko komunikazinoa lehenengo momentutik izan dalako oso ona. Komunikazinoa ezinbestekoa da emaitza onak izateko; eta ez bakarrik kantxan, pelotalekutik kanpo be bai”.
Oier Lezamakoa da; Aimar, Leioakoa. Biek hamar urte daukiez, eta bakotxaren pelota eskolan benjamin gehiagorik ez egoteak bihurtu ditu bikote. “Lezamako Pelota Eskolagaz jokatu dabe eta Bizkaiko Txapelketea irabazi izana ona izan da herrirako, pelota eskolarako eta gainerako pelotarientzat. Baina Leioako Pelota Eskolagaz jokatu balebe, ni bardin-bardin egongo nintzan pozik, kasu horretan be ederto egingo eben”, esan deusku Ieltxuk. Datorren ikasturtean bakotxa bere herrian arituko da, kimu kategoriara pasauko diralako eta bikotea osatzeko aukerea eukiko dabelako. Baina urte bi barru aurten euki daben arazo beragaz topauko dira, beharbada. Ez jake inporta eta prest dagoz barriro alkarregaz aritzeko. Are gehiago, Aimarri ez litxakio inportauko Lezamara itzultzea. “Berton oso hartu-emon politak daukadazalako”.

Bikoteka nahiago
Leioakoa bost urte zituela hasi zan pelotalekuan, anaiaren entrenatzaileak animauta. Eta Oierrek aitagaz jokatzen eban, etxeko frontoi txikian. Gogor entrenaten dira eta banaka zein bikoteka jokatu arren, bikoteka aritu nahiago dabe, “dibertigarriagoa dalako eta gauza gehiago konpartitzen dogulako”. Profesionalak izatea gustauko litxakie, “baina oraindino asko faltaten da horretarako. Nasai hartu behar dira gauzak”, esan deutse Ieltxuk. Euren pelotaririk kutunena Aimar Oilazola da, eta Oierrek aitatu deusku ez jakola Irujoren izaera txarra gustaten. “Jakin behar da irabazten, eta jakin behar da galtzen. Finalari begira halan esan neutsen: irabazten badozue, bikain! Baina galtzen badozue, ez da ezer gertatzen. Irabazleengana joan eta emon bostekoa. Irabazi ala galdu, onenak zarie niretzat”, komentau dau entrenatzaileak. Balioak be irakasten ditue pelota eskolan.
Bizkaiko Txapelketea irabazi ostean, herri batzuetako txapelketetan jokatzeko deitu deutsee; esaterako, Sopela eta Iurretako txapelketetan. Baina denporaldia amaitzear dago eta udako oporren ostean, barriro hasi behar da beharrean. “Ikasten gabilz, galtzen, irabazten, galtzen... Irabazteko, galdu be egin behar dalako”, azpimarratu dau Ieltxuk. Eta batez be ikasten dabilz, autortu dabelako teknikea hobetu behar dabela. Arreta handiz jarraitzen deutsee entrenatzaileen argibideei eta konfiantza dabe berarengan. Eta, noski, alkarrengan. Berba politak daukiez batak bestearentzat, mirespena eta begirunea. Osagai guztiak, kantxan bikote bikaina osatzeko.




Aurrekoak
Hurrengoak
Irudiak kargatzen ...